Informazioa kudeatzeko bi modu daude: analogikoa, bi egoeren arteko bidea marraztu behar da guztiak irudikatuz; eta digitala, informazioa modu digitalean irudikatuz gero, 0 eta 1 egoerak irudikatzen ditu, ez dute besterik ulertzen.
Informatika ordenagailuen zientzia modura defini dezakegu. Ordenagailua informazioa kudeatzeko tresna programagarria da, informazioa-datuak antolatzeaz, prozesatzeaz, transmititzeaz eta biltegiratzeaz arduratzen da. Hauek kalkulu matematikoak automatikoki egin ahal izateko sortu ziren.
Lehenengo ordenagailu digital modernoak gerraren inguruan sortu ziren, 1939. urtean. Hauetatik gaur egungoetara hobekuntza nabariak jasan dituzte kapazitateari, abiadurari eta kostuari dagokionez. Informatika-zientziaren inguruko historiagileek ordenagailuen eboluzioan 5 etapa bereizten dituzte:
- 1. etapa: (1940-1952). Huts balbulez osaturiko ordenagailuak.
- 2. etapa: (1952-1964): Huts balbulak ordezkatuko dituzten transistoreak agertu ziren, ondorioz, lehenengo ordenagailu komertziala, sistema eragilea barneratzen zuena.
- 3. etapa: (1964-1971): Zirkuitu integratuen erabilera agertu zen, honen ondorioz, ordenagailuen tamaina eta kostua txikitu, eta hauen etekina hobetu zen.
- 4. etapa: (1971-1981): Mikroprozesadorearen agerpena, non ordenagailuaren oinarrizko elementuak zirkuitu bakar batean integratuta biltzen diren.
- 5, etapa: (1981. urtetik aurrera). Ordenagailuek potentzia handiagoa dute eta aplikazioei garrantzia handiagoa ematen zaie. Software komertzialarekin batera, software libreak gero eta garrantzi handiagoa du (LINUX).
Mikroprozesagailuei esker, 70. hamarkadatik aurrera, erabiltzaile bakar batek erabil zezaken ordenagailua garatzeko aukera eman zen. 1976. urtean Apple enpresak, Apple I ordenagailua merkaturatu zuen, ondorioz konfigurazio eta lengoaia propioa erabiliz sortu ziren mota ezberdinetako ordenagailuz bete zen merkatua, honek kaosa sortu zuelarik.
1981. urtean IBM enpresak ordenagailu pertsonala merkaturatu zuen, hau merkatuaren eredu izatera iritsi zelarik. Ordenagailu pertsonalarekin batera datu-base programak, testu-prozesatzaileak… agertu ziren. Ordenagailu hauek fabrikatzen hasteari esker gero eta potentzia handiagokoak agertu dira.
Beste aldetik internetek izugarrizko aldaketa ekarri du, eta software-programei dagokionez ere, Microsoft-ek sistema eragileen merkatuan duen monopolioa murriztuz doa, UNIX, LINUX, etab.-en agerpenarekin.
Ordenagailuetan bi funtzionamendu-maila bereizten dira: hardwarea eta softwarea.
Hardwarea ordenagailuen zati fisikoek osatzen dute. Informazioa fisikoki biltegiratzeko eta kudeatzeko gailuak dira zati hauek, ikusi eta ukitu daitezken gailuak. Hardwarea ondoko osagaiez osatua dago:
- Prozesadorea: informazioa automatikoki tratatzeko beharrezkoak diren eragiketak kontrolatu eta exekutatzen ditu. Ordenagailuaren funtsezko osagaia da.
- Memoria: ordenagailuetan bytetan kudeatutako informazioa biltegiratzeko erabiltzen da. Memoria ahalmena biltegiratu daitekeen byte kopuruan neurtzen da. Bi mota:
· Kanpoko biltegiratze-memoriak: DVD, CD…
· Memoria nagusia: RAM (informazioa prozesatzen duen memoria nagusia) eta ROM (sistema informatikoa abiarazteko beharrezkoa)
- Sarrera / Irteera unitateak eta busak: sarrera eta irteera unitateak prozesadorea eta barruko beste osagaiak periferikoekin eta biltegiratze memoriekin komunikatzeko erabiltzen dira. Bus-a konputagailuen osagaien arteko komunikazio bide nagusia da, baita datuen transmisiorako hardware-lerro multzoa ere.
- Periferikoak: sarrera periferikoak, datuak sartzeko balio dutenak (sagua, teklatua…), irteera periferikoak, datuak ateratzeko erabiltzen ditugunak ( pantaila, inprimagailua…) eta bietarako balio dutenak (CD-a…).
Softwarea ezinbestekoa da ordenagailuaren zati fisikoen funtzionamendua bermatzeko. Softwarea ezin da ez ikusi ez ukitu, ikuspuntu logiko eta abstraktu batean soilik uler daiteke. Sistema eragileak, aplikazio informatikoak eta datuak biltzen ditu. Bi software mota daude:
· Aplikazioetara zuzendutako softwarea: erabiltzaileak lanak egin ahal izateko programez osatua dago.
· Sistemaren softwarea: ordenagailua kontrolatzeko eta kudeatzeko programez osatua dago.
Bestalde ordenagailuak ulertzen ez duen erabiltzaile informazioa kudeatu ahal izateko kodifikazioa-sistemak erabiltzen dira. Esaterako kudeaketa zenbakiduna: Bitarra, zortzitarra eta hamaseitarra. Edota kudeaketa alfanumerikoa, non sinbolo guztiak sistema bitarrean adieraz daitezkeen, sinbolo bakoitzari bit-konbinaketa jakina egokituz.
Aurrez esan bezala sistema eragilea ordenagailuaren softwarearen parte da, erabilerari dagokionez ordenagailuaren baliabide ezberdinak erabiltzeko aukera ematen duen errutina multzoa da.
Sistema eragilearen funtzioak:
- Ordenagailuaren funtzionamendu egokia ziurtatzen du.
- Erabiltzaileen programen eta ordenagailuaren artean bitartekari gisa aritzen da.
- Ordenagailuak ematen dituen aukerak ezberdinak modu eraginkorrean erabiltzeko aukera ematen du.
- Erabiltzailearen eta ordenagailuaren arteko komunikazio egokia ziurtatzen du.
- Ordenagailuaren hardware-gailuak kudeatzen ditu.
- Disko-fitxategiak kudeatzen ditu.
- Akatsak identifikatu eta hauek saihesteko erabaki egokiak hartzen ditu.
- Programak kudeatu eta exekutatu
- Prozesuak kudeatu.
- Segurtasuna kudeatu.
Sistema eragilearen bi helburuak
- Ordenagailuaren hardwarea erabiltzailearentzat erabilgarria bihurtzea.
- Baliabideen erabilera egokia lortzea.
Sistema eragilearen osagaiak:
- Nukleoak: CPUa kontrolatu eta exekutatu beharreko prozesuak kudeatzen ditu.
- Zerbitzuak: hauei esker erabiltzaileek sistema eragileen baliabideak erabiltzeko aukera dute.
- Komando itzultzaileak: goi-mailako lengoaian idatzitako komandoak behe mailako lengoaiara itzultzen ditu.
Sistema eragilearen ezaugarri nagusiak:
- Erabiltzaile-bitartekaria definitzea.
- Erabiltzaileen artean hardware.banaketa eraginkorra bermatzea.
- Erabiltzaileen artean datuak elkarbanatzea
- Erabiltzaileen artean konputagailuaren baliabideak banatzea.
- S/I prozesuak erraztea.
Sistema eragilearen bilakaera historikoa:
1940. urteko ordenagailuek ez zuten sistema eragilerik, ondorioz hardwarea eskuz kudeatu behar izaten zen. Ordenagailuen kostua altua zenez, enpresa handietan soilik zituzten ordenagailuak.
Sistema eragileen beharra 50eko hamarkadan agertu zen. Sistema eragileen bilakaerak hardware-osagaien bilakaerarekin bat egiten du, hardwarearen hobekuntzei egokitutako sistema eragileak diseinatzen baitira.
Sistema eragilearen lau belaunaldi hardwareari dagokionez, non aurrez azaldu ditugun ordenagailuen eboluzioaren 5 etapekin bat datozen:
- 1. belaunaldia (1945-1955): huts balbulak erabiltzen ziren
- 2. belaunaldia (1955-1965): transistoreak erabiltzen hasi ziren
- 3. belaunaldia (1965-1980): zirkuitu integratuak erabiltzen hasi ziren
- 4. belaunaldia (1980. urtetik aurrera): ordenagailu pertsonalen belaunaldia.
Sistema eragilearen bilakaera:
- Zatikako prozesaketa: komando edo programa multzoak bata bestearen atzetik eta era jarraituan exekutatzeko diseinatu zen.
- Denbora banatuko sistemak: erabiltzaile askok aldi berean sistema informatiko berdina erabiltzen dute.
- Denbora errealeko sistemak: eragiketak egin ahala prozesatzen dira eta emaitza eskaera tekleatu bezain laster lortzen da. Erabiltzaile bakarra izateak ahalbidetzen du hau horrela izatea, prozesadoreak ez baitu erabiltzaile ezberdinen artean banatu beharrik.
- Sistema pertsonalak: Lehenengo sistema eragileak, ataza eta erabiltzaile bakarrekoak.
- Sare-sistemak: hainbat konputagailuren baliabideak eta zerbitzuak alegiazko makina bakarrean biltzen dira.
Sistema eragileen sailkapena:
- Erabiltzaile kopuruaren arabera:
- Erabiltzaile bakarrekoa
- Erabiltzaile anitzekoa
- Ataza edo prozesu kopuruaren arabera:
- Ataza bakarrekoak
- Ataza anitzekoak
- Ataza anitzeko eta denbora partekatukoak
- Prozesadore kopuruaren arabera:
- Prozesadore bakarrekoak
- Prozesadore anitzekoak
Sistema eragileak hiru familiatan bana ditzakegu: UNIX (GNU/LINUX), Microsoft eta bestelakoak (MVS, OS/2)
No hay comentarios:
Publicar un comentario